Hasiera -> Arte eta Historia Museoa -> Kurutzesantu Museoa

Kurutziaga

Kurutziaga gurutzea

Barkamenaren eta itxaropenaren mezua adierazten du behetik gora antolatutako narrazio programan; fustetik gora hasten da (bekatua), gurutzadurara iritsi arte (erospena). Hareharrian zizelkatuta dago, eta, itxura guztien arabera, XVI. mende hasierakoa da. Antza denez, zizelkatu zuenak ondo ezagutzen zituen garai hartako korronte artistikoak. Hiriko errebal batean ipini zuten, zehazki, Gipuzkoako bidean. Nahiz eta gurutzea gehienetan Kurutziaga errebalean egon den, hainbatetan aldatu dute tokiz. Durangotik kanpora behin bakarrik eraman dute. Gerra Zibilaren garaian, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketetan, Bilbora eraman zuten. Gainera, atentatu terrorista batek kalte larriak eragin zizkion 1981ean. Gurutzea sarritan ikertu eta erreplikatu izan dute. Jakin badakigu badirela gutxienez molde batean egindako bi kopia eta tailuan egindako beste bi, horietako bat Portugaleteko kanposantuan.

Durangoko heretikoak

Espiritu Santuaren Adina XV. mendean, Durangon erlijio-disidentzia handia izan zen, eta eragin handiak izan zituen. Disidentzia hori gogor erreprimitu zuten Gaztelako Koroak eta Elizak. Anaia Alfonso de Mellak, beste frantziskotar batzuekin batera, Espiritu Santuaren Aroa zetorrela predikatu zuen 1437-1441 inguruan; grazia garai horretan, haragiarekiko eta lurreko bizitzarekiko loturak askatuko ziren, espiritua berrituta. Jarraitzaile asko izan zuen; batez ere, herritar xumeak.

Durangoko Vera Cruz kofradia

Vera Cruz kofradiak Gurutzea katolikoen oinarri-oinarrizko sinboloa da, eta debozio handia izan du Euskal Herrian mendeetan. Hala erakusten dute Gurutze Santuari eskainitako ermitek, gurutzadurek edota gurutzea izendatzeko kofradiek. Kofradia horiek Erdi Arokoak dira, eta heriotzan laguntzea eta Aste Santua eta antzeko prozesioak antolatzea zituzten eginkizun. Durangoko Vera Cruz kofradiak hiriarekin lotutako historia zabala du, eta mende luzeetan zehar antolatu ditu prozesioak. Lehen idatzizko erreferentzia 1570ekoa da, eta etxe bat ematen zaio, haren arabera, kofradiari: gaur egungo Vera Cruz ermita, garai batean kofradiaren egoitza izandakoa. Kofradiakideak taldeka daude antolatuta, haietako bakoitza probestuak zuzentzen du eta Anaia Nagusiak koordinatzen. Kofradiakide bakoitzak Aste Santuko pauso bat eraman behar du.

Vera Cruz ermita

 Bost mendetan, ermita Vera Cruz kofradiaren egoitza izan da, udal hauteskundeak bertan egiten zituzten eta herritarrak elkartzeko toki izan zen. Gaur egun, Kurutziaga gurutzea gordetzen duen museoa da. XV. mendean eraiki zuten, eraikin zibil gisa. XVI. mendean hegoaldera zabaldu zuten. Hala, errebaleko eraikinik handien bihurtu zuten. XVII. mende hasieran, Bakardadearen kapera eraiki zuten barruan, eta, handik gutxira, eraikina kupula bat eraikita nobletu egin zuten. XX. mendean eraikina utzita zegoen, eta hondatuz-hondatuz joan zen. Ia erorian zegoela, XXI. mendean Udalak leheneratzeko erabakia hartu zuen.

Azken eguneratzearen data:  2016eko abuztuak 09, 14:03
 
 
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus