Hasiera -> Herria -> Ezagutu Durango


Durango izenaren jatorriari buruzko iritziak ugariak dira. Alfontso Irigoienen ustez "argi dago erdi aroan sortua dela, eta Duranco antroponimo formaz ezagutzen zela". Beste batzuk Urazango hitzetik datorrela diote eta Justo Garatek Padurango izenaren garapenetik datorrela dio. Uriko forua berrestean Juan infanteak (1372) Tavira de Durango izena eman zion. Tabira gune zaharraren izena izango litzateke eta Durango merinaldearena. XVI. mendea arte Villanueva de Tabira izenaz ezagutzen zen.

Orella Unzue historialariaren ustetan, Durangaldeak bere historia eta bere koaderno juridikoak ditu erdi aroko Iruñeako erresumaren barruan. 1095. urtea arte Durangoko Konderria Iruñeako lehen Erresuma barruan aurkitzen zen eta geroago Nafarroakoan. Urte horretatik aurrera Bizkaiko Jaurerriaren menpeko bihurtu zen; baina, hala ere, nahiko burujabe izaten jarraitu zuen.

Durango Uria noiz sortu zen zehatz-mehatz jakiterik ez dagoen arren, historialari gehientsuenak bat datoz Santxo VI. "Jakintsuaren" (1150-1194) eta Santxo VII. "Indartsuaren" (1194-1234) erregealdien bitartean kokatzerakoan. 1195. urtean Gaztelako Alfontso VIII.ak Durangaldeko Konderri osoa bereganatzean, Uria Gaztelako Koroaren menpera pasatu zen.

Hasiera baten 3 kale paralelok ematen zioten itxura Uriari (Barrenkalea edo "Yuso", Artekalea eta Goienkalea edo "Suso"). Beranduago Kalebarria gehitu zitzaion. Kale guztiak zeharkale batek gurutzatzen zituen eta XVI. mendean oraindik bukatu gabe zegoen hegotik iparralderaino luzatzen zen harresi batez inguratuta zeuden. Harresi honek Kurutziaga, San Pedro, San Juan, Piedadeko Amarena eta gaur egun ere zutik dirauen Santa Anako ateak zituen.

XV. mende osoan zehar Uriak Zaldibar, Ibarguen eta Unzueta ahaide nagusien arteko borroken ondorioak jasan zituen. Garai horretan eraiki ziren jauntxoen dorretxeak:
Arandoño, Asteiza, Etxebarria, Lariz Monago eta Otalora. Gaur egun ia ez da dorretxe hauen aztarnarik gordetzen. Gaztelako Enrike III.-k (1339) eta Enrike IV.-k (1457) bisitaldiak egin zituzten. Udal artxibategian ageri denez Isabel erregina Katolikoak (1483) gaua eman zuen Larizko dorretxean Uriko eta merinaldeko foruak zin egitera etorri zenean.

Mende honetako gertakizunik aipagarriena Durangoko Heresia izenaz ezagutzen dena da (1442-1444). Nahiz eta gaiari buruzko agiriak eskasak diren, badakigu bultzatzaile nagusienetakoa Alonso de Mella fraile frantzizkotarra izan zela, jatorriz Zamorakoa eta Juan de Mella kardinalaren anaia. Bere ideologiari buruz, Ernesto García Fernándezen iritzian, "badaude parekotasun batzuk "Espiritu Askearen Anaiekin" (sexualitateari buruzkoak batez ere), dotrina Joakindarrekin (Espiritu Santuaren Aroaren iristeaz), eta halaber, Wiclifitas eta Husitas XIV. mende amaieran eta XV. mende hasieran azaldutako ideiekin (elizaren aberastasuna, doktore eta teologoek egiten duten liburu santuen interpretazioa, Aita Santuaren kontrako iritziak, eta abar)". Gaiaren neurriak ikusita, bai agintari publikoak bai erlijiosoak, gogor egin zieten Mellaren jarraitzaileei. Ehunetik gora heriotza zigorraz kondenatu zituzten (jendaurrean erre zituzten: Kurutziaga, Santo Domingo de la Calzadan eta Valladoliden) eta beste batzuk, Mella bera eta bere lagun frai Guillen tarteko, ihes egitea lortu zuten. Kurutziagako gurutzeak gaur arte iraun du heresiaren oroigarri. Heresiek jarraipena izan zuten XVI eta XVII. mendeetan eta baita XIX. mendeko 2. erdialdean ere. Garai honetan, bere burua "profetatzat" zuen Manzanero izeneko batek jarraitzaile sorta handia bereganatu zuen eta sekta bat sortu ere bai, nahiz eta eskualdetik kanpora oihartzun gutxi izan.

XVI. mendeko gertakizunik aipagarrienak Urian gertatu ziren zoritxarrekin lotuta daude. Horrela, 1517. urtean, Durango izurrite gogor batek eraso zuen eta herritar asko hil egin ziren. 1544an Uriko bazterrak urez gainezka egin zuten uholde izugarri baten ondorioz. 1554ko martxoaren 11n Uriak sute handi bat jasan zuen. Sutea Artekalean hasi zen, eta gutxira, zurezko etxe guztiak kiskali egin ziren. 1597an beste izurrite bat eman zen. Mende honetakoa dugu Udaletxearen eraikuntza, Bernabe Solano maisu harginak egina zati handi baten.

XVII. mendean zehar Durango Uriak Gaztelako Koroak Frantziaren aurka izan zituen gudu ugarietako ondorioak jasan zituen: bai dirutan bai jendetan. Sarri askotan, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuei laguntzera joan behar izaten zuten. Gudu hauen ondorioz burdingintzaren garapena eman zen, lantzak, ezpatak, daga, pikak eta antzerako armak eginez..

XVIII. mendea beherakada ekonomikoaren mendea dugu, eta honen adierazgarri Udalak ezartzen zituen zergak. Hala eta guztiz ere, 1785ean frontoia eraikitzeari ekin zitzaion. Aipagarria da Durangok Konbentzio Frantsesaren aurka izandako guduan egindako eskaintza: 70 soldaduz osatutako zazpi konpainia sortu ziren. Frantsesak 1795ko uztailean sartu ziren Durangon, eta handik lasterrera, errendizioaren ostean, herria hustu egin zuten. Urte batzuk geroago, Independentziaren gerlan, Uria eta gainontzeko lurraldea Frantsesek hartu zuten berriz ere. Madalenako eliza botatzea agindu zuten eta bere lekuan hilerria eraikitzeko agindua eman.

1813.an Kadizko Konstituzioa onartu zen Durangon. Urte batzuk geroago, Fernando VII.-k herritarren goresmena jaso zuen 1828ko ekainean Durangora egin zuen bisitaldian. Durangon oihartzun handia izan zuten Gerla Karlistek. Lehenengo Gerra Karlistan, Durango Uria Don Karlos erregegaiaren gortea bilakatu zen. Don Karlosek Pinondoko Juan Santos Orueren etxean hartu zuen ostatu. Gudaldietako giza eta diru galera izugarriei kolera izurritea gehitu behar zaie. Esan beharrik ez dago Durango ia lur jota gelditu zela. Lehenengo karlistada, Durangon, 1839. urteko abuztuaren 2an amaitu zen Espartero jenerala herrian sartu eta gero. 2. gerra karlistan (1872-1876) Durango, berriro ere, Karlos VII. erregegaiaren gortea bilakatu zen eta Francisco Zengotitaren agindupean 800 gizonez osotutako batailoi bat sortu zen. Lehenengo karlistadan bezala, lehen garaipenak Karlisten aldekoak ziren, baina gerrak aurrera egin ahala, liberalak garaile atera ziren. Azkenean, 1875eko otsailaren 4an, liberalen tropak herrian sartu ziren inolako eragozpenik gabe.

1882. urtean Bilbotik Durangorako trenbidea zabaldu zen, ahalegin handia suposatu zuena baina herriko ekonomiari bultzada handia eman ziona. 1886an Euskal Jaiak antolatu ziren Durangon, garrantzi handiko kultur ekitaldiak alegia. Aipagarriak dira bertsolarien eta txistularien lehiaketak eta, batez ere, literatura lehiaketak.

XX. mendearen hasieran, industria garatu zen Durangon. Aipagarrienak, Mendizabal, Ferretera Vizcaina eta Olma izanik.

1927.urtean Iurretako elizatearen anexioa eman zen. Honela, Durangok 2.000 biztanle gehiago izan zituen. Banatzea 1990.eko urtarrilaren 1ean gertatu zen.

Primo de Riveraren diktadurapean, diktadorea bera etorri zen Durangoko azoka zabaltzera. 1937.ko martxoaren 31an, Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939), Durangok biztanleria zibilaren kontrako bonbardaketa sistematikoa jasan zuen. Handik gutxira Nafarroako 1go Brigadako tropak Urian sartu ziren. 50. hamarkada arte gose eta eskasia urteak dira. Hamarkada honetan industriak, berriro ere, garapen handia ezagutu zuen eta honen ondorioz Estatuko beste lurralde batzuetatik, Extremadura eta Andaluziatik batez ere, etorkin multzo handia heldu zen herrira.

Azken eguneratzearen data:  2010eko otsailak 12, 11:08
 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus