Skate park berriaren eraikuntza Gobernu Planean jasotako neurrietako bat da, eta egungo skate parkaren erabiltzaileekin adostuta dator

Durangoko Udalak ostiral honetan sinatu du Arripausuetako skate park berriaren zuinketa egiaztatzeko akta, eta, beraz, gaur bertan hasi dira ofizialki etorkizuneko patinaje gune berriaren lanak. 159.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta skateboard, roller eta BMX bezalako hiri kiroletako erabiltzaileentzako gune publiko bat berreskuratu eta dinamizatu nahi dute. Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da; beraz, urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten da.

Proiektua aurkezteko prentsaurrekoan, udal arduradunez gain, Daniel Yabar Errioxako skater eta arkitektoa ere izan da, erreferente bihurtu dena estatu mailan horrelako instalazioen diseinuari dagokionez. Yabarrek azpimarratu duenez, " zaharkituta zegoen eta erabiltzaileen eskakizunak betetzen ez zituen skate park bat birmoldatzea eta berritzea da helburua".

Bestalde, Ane Abanzabalegi eta Jorge Varela zinegotziek erabiltzaileekin batera egindako lanari balioa eman nahi izan diote beharrak identifikatzeko orduan: "Legegintzaldi hasieran skate parkeko erabiltzaileekin egindako bileretan eremu hori birmoldatzeko beharra adierazi ziguten. Pandemiaren ondorio ekonomikoek lehenago egitea eragotzi digute, baina gobernu talde honetan gure hitza betetzen dugu eta epe laburrean patinatzeko instalazio berriez gozatu ahal izango dugu".

Egin beharreko lanak
Erabiltzaileekin eta udal-zerbitzu teknikoekin adostutako premien programan, "Bowl" eta "Street Park" bat barne hartzen dituen kirol-instalazio bat inplementatzeko beharra jasotzen da, parkeko paisaian integratzeko eta hirigintza inklusiboaren alde egiteko jarduera batekin.

Proiektuan hartutako konponbideak eta ingurunea dinamizatzeko helburuek honako jarduketa hauek izan behar dituzte:
1- Street eremu bat proiektatzea, hainbat mailatan garatuko dena eta hainbat kolektibok erabili ahal izango dutena, hala nola skateboard, bmx eta roller erabiltzaileek.
2- Hirusta formako bowl bat eraiki hiru mailatan
3- Kirol-ekitaldiak egin ahal izateko kirolgune bat sortzea.
4- Oinezkoentzako eta patinatzaileentzako erabilera bateragarri egitea skatepark-etik hurbilen dagoen ingurunean, eta, horretarako, instalazioaren gela- eta erabilera-eremuak mugatu eta antolatzea.

Skatepark-aren diseinuak hainbat oztopo ditu, erabilera orekatzen saiatuz, skateboard, bmx edo roller erabiltzaileentzat izan ala ez.

1.275 m2-ko azalera
Proiektua garatzeko hautatutako hiri-eremua udalerriaren ipar-ekialdean dagoen parke baten barruan dago. 3.672 m2 inguruko hiri-parkea da.

Dagoen skatepark-a 1.275 m2-ko azaleran garatzen da. Gaur egun, hormigoizko zoladura bat eta hiri-kirolak praktikatzeko elementu aurrefabrikatuak ditu. Skatepark-aren egungo egoerak eta erabiltzaileek instalazio hori eguneratzeko duten eskariak eragin dute gobernu-taldeak espazio hori eraberritzeko erabakia hartzea.

"Gobernu talde honek argi dauka aisialdirako eta kirolerako espazioak berreskuratzeko beharra. Legealdi hasieran skate park hau berritzeko konpromisoa hartu genuen erabiltzaileekin, eta gauzatu egingo dugu, agindu genien bezala", azaldu dute gobernu taldeko iturriek

 

Azken eguneratzearen data:  2021eko urriaren 11, 14:57

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus