Materiala Maristak Ikastetxeko informatika-taldeari emango dio Udalak, 20 ikaslek eta haien irakasleek ekipoak konpon ditzaten eta software librea instalatu diezaioten.


Elorrioko Udalak, Maristak Ikastetxeak eta Durangaldeko Enpresen Elkarteak (AED) baliabiderik gabeko familientzako ordenagailuak berreskuratzeko programa bat jarri dute martxan. Horrela, Durangaldeko herritarrei eta enpresei laguntza eskatuko diete, behar izanez gero, ekipamendu informatikoak arrakala digitala duten ikasleei emateko.

"Konfinamenduan egin genuen bezala, balizko arrakala digital bat hautsi nahi dugu, eta, horretarako, edozein egoeraren aurrean prest egon nahi dugu. Badakigu zenbait familia egoera zailetan daudela eta lagundu egin nahi diegu", azaldu du Jorge Varela zinegotziak.

Prentsaurrekoan, Varelaz gain, Daniel Irazola Maristak Ikastetxeko zuzendaria eta Eñaut Balier AEDko batzarkidea izan dira.

Ekimen horrek ekipo informatiko zaharkituei bigarren bizitza bat emateko balioko du. Horretarako, Durangoko Udalak biltegi bat prestatu du Landako I sotoetan ekipamendu horiek jasotzeko. Lokala zabalik dago, eta ordutegia astelehenetik larunbatera izango da, 16:00etatik 20:00etara.

Ondoren, material hori Maristak Ikastetxeko informatika-taldeari emango zaio, 20 ikaslek eta haien irakasleek ekipoak konpon ditzaten eta software librea instalatu diezaioten.

Daniel Irazola Maristak Ikastetxeko zuzendariak nabarmendu duenez, "plazera" da horrelako proiektuetan parte hartzea: "Pandemiak irakaskuntzaren digitalizazioa areagotu du, eta, kasu batzuetan, online prozesu osoa gauzatzera behartu gaitu.

Aurrerapauso bat eman behar dugu, zenbait familiek arrakala digitala pairatu dezaketelako. Hutsune hori bete behar dugu".

Durangaldeko Enpresen Elkartetik, Eñaut Balier batzarkideak adierazi du elkartetik 100 enpresa inguru animatuko dituztela ekimenean parte hartzera, beren ekipo zaharkituak emanez: "Enpresei beren gailuak bi helburutarako ematera animatzen ditugu: alde batetik, pertsonei laguntzeko, eta, bestetik, hondakinak murrizteko".

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko azaroaren 16a, 19:30

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus