Aldi berean, Tecnaliako teknikariak Eusko Legebiltzarrean izan dira, Durangoko Udalak eskatutako azterketaren emaitzak legebiltzarkideei azaltzeko.

Durangoko Udaleko gobernu taldeak deituta, Airearen Kalitatearen Mahaiaren inguruan bildu dira asteazken honetan udal teknikariak, alderdi politikoetako ordezkariak, 'Durangairea' airearen kalitatearen aldeko plataformako ordezkariak eta herriko zenbait enpresa. Era berean, Tecnaliako teknikariak Eusko Legebiltzarrean izan dira asteazken goizean, Durangoko Udalarentzat egindako ikerketaren emaitzak azaltzeko. Ikerketa horretan, Iurretatik datozen bentzeno-tontor emisio altuak identifikatu dira.

Gobernu Planaren barruan dagoen neurria da Airearen Kalitatearen Mahaia. Lehen bileran, Tecnalia enpresak Udalarentzat egindako Usain Txarren Azterlanaren ondorioak azaldu zaizkie enpresetako eta 'Durangairea' plataformako ordezkariei. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Lakuako udal arduradunekin egindako bileran emandako informazioa helarazi zaie. Ikerketa hori Durangaldeko Udalak eskatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren neurgailuek antzeman ez dituzten bentzeno-tontor altuak agerian utzi zituen.

"Arnasten dugun airearen kalitatearen arazoa guztioi dagokigu. Gure arteko desberdintasunen gainetik, aire bera arnasten dugu; beraz, funtsezkoa iruditzen zaigu Mahai hau sortzea, airearen kalitatea hobetzeko urratsak ematen jarraitzeko. Mahai hau tresna bat da, denon artean urrats berriak eman ditzagun, Durango garbiagoa, osasuntsuagoa eta iraunkorragoa izan dadin. Ildo horretan, ekintza-batasuna eta beste erakunde batzuekin batera lan egitea eskatzen dugu. Foro honen sorrerarekin emandako pausoa oso urrats garrantzitsua da norabide horretan, orain arte ez baita egin halakorik. Orain, lehen urrats honen ostean, ibilbide orria zehazten hasiko gara", azaldu dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

Gainera, Tecnaliako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean, Mikel Otero (EH Bildu) eta Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU) legebiltzarkideek Durangoko Udalak eskatutako ikerketaren emaitzak azaltzeko eskatu ostean. Zentzu horretan, Bravok eta Varelak "Gai delikatu honekin benetako pausoak eman ditzan" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Eusko Jaurlaritzak jendaurrean aitortu du Udalak egindako azterlana balekoa dela, eta, beraz, Durangoko eta eskualdeko airearen kalitatea hobetzen jarraitzeko kontuan har dezala eskatzen diogu. Gure laguntza osoa eskaintzen diegu", berretsi dute.

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko azaroaren 4a, 13:07

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus