Hurrengo egunetan harremanetan jarriko dira taberna, jatetxe, txoko, Jai Batzorde, Bizkaibus eta Euskotrenekin.

Durangoko Udalak bilera erronda bat abiatuko du datozen egunotan, aurten San Faustorik egongo ez dela birgogoratu, herriko sektore ezberdinen egoera entzun eta beraiekin elkarlanean aritzeko. Lehen bilera datorren astelehenean izango da, Jai Batzordearekin izango duen hartu-emanarekin. 

Izan ere, San Faustorik ez dela egongo birgogorarazi dute Juan Antonio Bueno eta Mikel Uriguena zinegotziek, eta lan horretan durangar guztiei arduraz jokatu eta elkarlanean aritzeko deia egin diete: "Badakigu data bereziak direla guztiontzat, baina argi izan behar dugu guztion osasuna dagoela jokoan. Izango dugu datorren urtean jaiak ospatzeko tartea. Baina, bitartean, zaindu gaitezen elkar". 

Horregatik, hurrengo egunetan taberna, jatetxe, txoko, eta Jai Batzordearen iritzia ezagutzeko bilerak antolatuko dituzte. Beraien iritziak entzuteaz gain, elkarlanean aritzeko eskatuko diete."Badakigu jendeak barrenak husteko eta gozatzeko gogoak dituela, baina ez dezagun ahaztu pandemia baten erdian gaudela. Denon ardura da egoera honi aurre egitea, eta Udaletik eskuetan ditugun erraminta guztiak erabiliko ditugu", adierazi dute Buenok eta Uriguenak. 

Horregatik, aipatutako sektoreekin biltzeaz gain, hurrengo egunetan harremanetan jarriko dira Bizkaibus eta Euskotrenekin, beste herrietatik jendea parrandan etortzera sahiesteko. Horrez gain, udal ordezkariak dagoeneko lanean daude Udaltzaingoarekin eta Ertzain Etxearekin, egun horietarako protokolo berezi bat lantzeko. 

Bueno eta Uriguenaren iritziz, "Durangon arduraz aritu behar dugu; Durangok eta durangarrok arduraz aritzea merezi dugulako. Hori lortzeko, elkarlana funtsezkoa dela uste dugu udal gobernu honetan, denok batera lan eginda indartsuagoak garelako. Hurrengo egunetan, beraz, bilera erronda bati ekingo diogu Durangoko sektore ezberdinekin elkarlanean aritzeko".

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko urriaren 1a, 13:10

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus