Ikerketaren momentu ezberdinetan 700ug/m3ko neurketak eman dira Benzenoari dagokionez, legeen arabera urteko bataz bestea 5ug/m3-koa izan behar denean.

Durangoko Udalak azken urtean herrian sumatu daitezkeen usain txarren jatorria identifikatzeko egin duen azterketaren emaitzak aurkeztu ditu. Ikerketaren emaitzek ondorioztatzen dute usain txarren jatorria Durangoko mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik datorrela, hau da, Iurreta ingurutik.

Gainera, eta herritarrentzat larriagoa dena, ikerketak Benzeno, Tolueno eta Estireno tontor oso kezkagarriak antzeman ditu, horiek ere eremu beretik etorritakoak. Ikerketan, 700 ug/m3-ko Benzenoko gertakari puntualak ikusi dira, baina indarrean dagoen araudiak (102/2011 Errege Dekretua, airearen kalitateari buruzkoa) 5ug/m3-ko urteko batez bestekoa ezartzen du azken horren kasuan. Durangon, 2019ko urteko batez bestekoa0,58ug/m3-koa izan zen; horregatik, une jakin batzuetan hautemandako700ug/m3-rainoko mailak udal ordezkariak harritzen eta kezkatzen ditu. 

Ikerketaren arabera, jatorria, kutsatzaile motagatik, Iurretako industri aldetik datozen prozesu industrialetako erregaiak erretzean eman daiteke, Durangoko mendebalde-ipar-mendebaldera.

Hori dela eta, Durangoko gobernu taldeko kideek Airearen Kalitatearen Mahaia deituko dute datozen egunetan, eta azterketaren emaitzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Iurretako Udalari bidaliko dizkiete. Horren ostean, Durangok bilera bana eskatuko die Eusko Jaurlaritzari eta Iurretako Udalari, arazoa konpontzeko helburuarekin.

"Durangoko aurreko gobernu taldeek ezer gutxi egin zuten usain txarrak nondik datozen ikertzeko, eta, orain, egindako azterketaren arabera, Iurretako iturrietatik datozela ondoriozta dezakegu. Hainbeste urte beste alde batera begira egon ondoren, bazen garaia usain txarren jatorria eta arrazoi zehatzak bilatzeko. Horregatik, uste dugu Iurretako Udalarekin elkar lanean aritzea garrantzitsua dela guztioi eragiten eta kalte egiten digun arazo bati konponbidea emateko. Horregatik, lehentasunezkotzat jotzen dugu arazo hori elkarrekin lantzea", azaldu dute Durangoko Udaletik. 

Herritarren parte-hartzea

Tecnalia Research & Innovation fundazioko Ingurumen eta Iraunkortasun arloak egin du azterlan hori, hiriko atmosferaren kutsadurari buruzko azterlanetan espezializatuta baitago, eta industria-sektoreetako eta -prozesuetako ingurumena zaintzeko planak egiten eta ikuskatzen esperientzia baitu. Halaber, kutsatzaileen analisiak eta neurketak BIOEF (Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa) egiaztatutako laborategiak egin ditu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren laguntzarekin. Bestalde, egunero aztertu den eremua meteorologikoki ezaugarritu da, eta haizearen norabide eta abiadura-parametroak, tenperaturak, prezipitazioak eta abar ezarri dira.

Era berean, herritarrek kexa-sistema berribaten bidez parte hartu dute, eta 2019ko urritik 2020ko martxora bitartean Durangoko 11 boluntarioren 40 kexa edo abisu inguru jaso dira. Horiei esker, abisuaren unean aire-laginak jasotzen zituzten hainbat kaptadore aktibatu ahal izan dira. Horri esker, 172 konposatu organiko lurrunkor (KOL) aztertu ahal izan dira. Kutsatzaile horien analisiak BIOEF (Berrikuntza eta Ikerkuntza sanitariorako Euskal Fundazioa) egiaztatutako laborategiak egin ditu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren laguntzarekin.

Datuak gurutzatzea

Datuak karakterizazio meteorologikoen eta abisuen artean gurutzatuta, apurka-apurka zehaztu ahal izan da usain txar horiek zer nora bidetatik etor daitezkeen, bai eta usain horiek eragiten dituzten kutsatzaileen profila ere.

Jatorria zehatz-mehatz identifikatzeko, beharrezkoa da azterketa gehigarriak egitea eragindako eremuan lagin gehiago hartuz. Horregatik, Udalak 2019ko irailean egindako bileran Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi zionez, azterketaren ondorioak Sailburuordetza horrekin partekatuko ditu, eremuko airearen kalitatea hobetzen laguntzeko.

Ima Garrastatxu Durangoko alkatearen mezua daukazu hemen

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko urriaren 1a, 13:10

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus