Gustatuko litzaigukeena baino beranduago iritsi bada ere, pozten gara durangarrek azkenean tren geltoki zaharreko lurrei buruzko iritzia eman ahalko dutela kontsulta herritar baten bidez. Kontsulta hori legeak arautu eta babestuko du, hau da, gauzatu ahal izateko legezko baldintza guztiak beteko ditu.

Gainera, pozten gara hurrengo arrazoiengatik:

  • - Lehena, kontsulta egin ahal izateko eskaera sinatu zuten ia 4.000 durangarrek beren eskaera egia bilakatuta ikusiko dutelako, eta gainerako durangarrek ere proiektuari buruzko iritzia eman ahal izango dugulako. 
  • - Gaur egun Durangoko Udalean gobernatzen dugun alderdiok prozesu honen guztiaren hasieratik mantentzen dugun jarrera politikoa babestuta ikusten dugulako.

Zentzu horretan, pozten gara ikusteaz aurreko legealdian prozesu osoa luzatzen saiatu zirenak, gaur egun, teorian, publikoki kontsultaren aldeko jarrera hartzen dutela.

Horrek erakusten du denborarekin herritarren eskaerek erantzuna izan dutela alderdi politikoen aldetik. Orain espero dugu denok kontsulta honen alde egitea, eta durangarrek bertan parte hartzea.

Bide zaila eta oztopoz betea izan da botere jakin batzuen aldetik, baina herritarren borondatea interes jakin horien gainetik egon da. Horregatik, publikoki eskertu nahi dugu 'Erabaki' plataformak denbora honetan guztian egin duen lana, haizearen eta marearen aurka lan egin dutenak herritarrei ahotsa ematea bezain sinplea den zerbait posible izan dadin eta durangarrei entzun dakien.

Lehen aldiz, Durangok herri galdeketa bat egin ahal izango du, tokiko gai batean zentratuta, baina Durangoentzat garrantzi handikoa. Hemendik aurrera, hilabete batzuk ditugu herritarrekin batera partaidetza-prozesu horretan modu guztiz gardenean lan egiten jarraitzeko, eta beraiek erabaki dezatela beren kabuz.

Gobernu talde honetatik uste dugu hau dela jarraitu beharreko gobernantza onaren eredua: non Udalak jendeari galdetzen dion eta non bere iritzia kontuan hartzen den.

Orain, Gobernu honetatik ETSra, Euskal Trenbide Sarera, eraman nahi dugu hori bera. Datozen egunetan bilera bat eskatuko diogu ETSri prozesu honetan ere parte izateko eta kontsulta honen aurretik egin beharreko informazio-kanpainan parte hartu dezan, uste baitugu herritarrek ahalik eta informazio gehien izan behar dutela bozkatzerako orduan. Bukatzeko, durangarren erabakia errespetatu dezatela eskatuko diegu.

 

Azken eguneratzearen data:  2020ko ekainaren 29a, 20:17

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus